11-07-2021 “SALVADA” MENDILERROKO BRANKA ETA LAUTADA (ARABA/BURGOS/BIZKAIA)-Eginda!!

PLAZAK AGORTUTA:

TXANGOA EGINDA!
2021eko irailaren 11an (domeka) mendi irteera hau burutu genuen.
Elkartu ginen 25 mendizalek, taldeen arduradunen aginduak jarraituz eta inolako ezer aipagarririk gabe, aurreikusitako ibilbideak burutu genuen. 
Domekako meteorologia: Goizeko orduetako lainoak desagertu eta egun osoan zehar zerua oskarbi izan genuen. Ibilbidearen hasieran 16º (Agiñaga) zeuden eta 28º (Urduña) amaieran. Airearen hezetasuna: % 60 inguru.  Gailurrean, 10 km/h-ko haize-boladak izan arren, ibilbide osoan zehar hegoaldeko haize leuna izan genuen. Egun eta zeru garbiak izan genituen. Indize ultramore oso altua (9), polen indize ertaina (5), ibiltzeko lur lehorra eta erosoa topatu genuen. 
Egun berotsua baina oso egokia mendi-kirolaz gozatzeko.
Ez dago inongo alerta meteorologikorik aktibatuta.

Irteera-ordutegiak

Pinueta 7:50; Lamiako 7:55; Luis Bilbao Libano kalea (markesina) 8:00; San Pedro plaza (Deustu) 8:10; Zabalburu (Ertzaintza markesina) 8:20.

Aiarako haranean murgildu bezain laster, 400 metroko altueraraino iristen den horma harritsu batek harrituko zaitu. Zure musturren aurrean Sierra Salvada duzu; EAE eta Burgos arteko muga natural hau, haraneko edozein bazterretik ikus daiteke.
Malda handiko mazelek, eementu naturalek, Salvada mendilerroa eta harana elkartuko dituzte. Bertan, galtzeko leku ezin hobea diren baso hostotsuak kokatzen dira. Aldapa handiko profil hori Aiarako bailara osoaren nortasun-ikur bihurtu da.
Haren profilari erreparatuz, Salvadako gailur desberdinetaz ohartu gaitezke, guztiak panoramika ikusgarriekin. Gailurrik bisitatuenak Tologorri, Ungino, Eskutxi eta Aro dira; eta jakina, Txarlazo izenarekin ezagutua den Urduñako gailurrik ospetsuena. Bertotik Antiguako Ama Birjinak bailara osoa kontrolatzen du. Ziur gaude tontorretik dauden ikuspegi zoragarriak imajinatzen ari zarela! Sinestezinak dira!
Salvada mendilerroak euskal mitologiaren aztarnak ere baditu. Arbasoek, gaur egunera arte ahoz-ahoz  transmititutako kondairetan, Txarlazon herensuge bat bizi zela zioten. Ardi esnez eta bidean aurkitzen zituen pertsonez bakarrik elikatzen zen… Ez ikaratu! Hauek beste garai bateko istorioak dira! Zorionez orain dela urte asko ikusi zuten azkenengoz herensugea inguruan. Aldiz, duela 4.000 urte baino gehiagotik Salvada mendilerroan bazkatzen dituzten artalde eta haien artzainekin gurutzatzeko aukera handiak izango dituzu.
Leioa Mendi Taldeak, zailtasun, aldatz eta desnibel desberdinak dituzten bi mendi-ibilbide egitea proposatzen du:

  • Mendizaleek, Gorobeleko edo Salvada mendilerroko harresi harritsu ikusgarriak igoz, neurrizko-maila duen  XENDAZALETASUN mendi-ibilbidea burutuko dute. Nortasun-zigilu horrek, landarediaren berde biziarekin eta aniztasun biologiko apartarekin batera, leku paregabea bihurtzen du lurralde hori.
  • Bigarren  proposamenak zailtasun maila errazagoa du. Gura dutenentzako zailtasun eta desnibel txikiagoa duen XENDAZALETASUN ibilbide erosoagoa da. Aukera horri esker, Salvada edo Gorobelen barrena ibilbide ederrataz gozatzeko aukera izango dugu. Larreek, txilardiek eta pagadiek estalitako goi-lautada handi bat zeharkatuko dugu.
  • Mendi ibilaldiek, Salvada mendilerroko zenbait gailur zapaltzeko aukera emango dute. Tologorri (1.073 m) eta Txarlazo (933 m) dira ibilbideko gailur nagusiak. LEIOA MENDI TALDEAk 1992an igo zituen gailur horiek.

GOROBEL MENDILERROA
“Sierra Salvada”, Gorobel Mendilerroa euskaraz, Arabako ipar-mendebaldeko muturrean dagoen mendikatea da. Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroaren zati honek,  batez besteko 1.000 m-ko altitudea du. Aiarako haranetara, Burgoseko Losa bailaretara, Urkabustaizera eta Urduñako lurraldetara (Bizkaiko hiri bakarra)  zabaltzen da. 100 km2-ko azalera duen Kareharrizko formazio menditsua hau, duela 30 milioi urte, Alpeetako orogenian zehar itsasotako ondotik atera zen.
Harrezkero, goialdeko kareharrien eta mazeletako tuparrien higadurak, egun ikus dezakegun erliebea sortu du. Iparraldeko eta ekialdeko isurialde guztia, Anguloko mendatearen eta Nerbioiko Jauziaren artean, 25 kilometro luze eta 600 metroko desnibeleko kareharrizko horma batek osatzen du. Ibilide honetan sei mendikate hauek aurkitu ditzakegu: Abate, Aro, Escalerillas, Atatxa, Menérdiga eta La Barrerilla. Hegoaldeko isurialdea, berriz, gailurretatik Losa haranera jaisten da eta Burgoseko probintzian kokatzen da.
Mendilerroaren goialdean batez ere larreek, txilardiek eta pagadiek estalia, goi-lautada handi bat dago.
Eskutxi mendilerroaren gailurrik altuena da, 1.185 metroko altuerarekin. Iparretik hegoaldera, beste gailur batzuk ere aurki ditzakegu, hala nola Urieta (1.133 m), Aro (1.127 m), Ungino (1.099 m), Tologorri (1.073 m), Bedarbide (1.041 m), Solaiera (1.038 m), Txolope (1.027 m), Txarlazo (933 m), Pico del Fraile (834 m) eta Arando (944 m).
Mendilerroak ipar-mendebalderantz jarraitzen du, Burgosko Carbonilla eta Magdalena mendilerroetatik Hegoalderantz, Santiago mendiarekin eta Gibijo joko dugu. Salbada mendilerroaz gain, inguruak Gibijo mendilerroaren mendebaldeko isurialdeko hormak ere hartzen ditu. Horiek, Salbada mendilerroarekin batera, Arrastaria zirkua osatzen dute. Horma horien gainean Bertzeta (823 m) eta Bagate (724 m) gailurrak daude.
Bertikaltasuna eta bereziki gizakiak eremu horietara sartzeko erraztasun eza direla eta, kareharrizko horma hauek harkaitzetako eta mendiko hegaztiak hazteko leku aproposa dira. Gainera, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko trantsizio-eremuan kokatua dago. Hau dela eta, bi klima-motetara egokitutako espezieak bizi diren biodibertsitate handiko ingurua dugu.
Neguko baldintzek galarazten dutenean izan ezik, bai goi-lautada baita mendilerroaren hegalak ere behiak, ardiak eta zaldiak bazkatzeko erabiltzen dira.

DESKARGAK ETA INFORMAZIO GEHIGARRIA

OHAR GARRANTZITSUAK

  • IBILBIDEetan, egin nahi den bideari buruzko informazio zehatza aurkituko dugu. Txangoa behar bezala prestatzeko berrikustea eta aztertzea gomendatzen da. Informazio horrek guztiak jardueraren zailtasuna-, ahalegina– eta arrisku-maila ezagutzen lagunduko digu. Track, waypoints eta altuera-profileri erreparatuz, ibilbide alternatiboa (halakorik balego), ingurunea eta ibilbidean topatuko ditugun gorabeherak aurretik jakiteko aukera badago. Pertsona bakoitzak bere egoera fisikoa eta mendiaren aurrean dituen mugak ezagutu beharko ditu eta erabakirik zentzudunena hartu. Informazio hori guztiari duen garrantzia eman, txangoaren arrakasta balldintzatuko duelako.
  • Track-ek ez dute beti ibilbide zehatza adierazten; beraz, baliteke grabazio fasean edo PCan eskuz egitean akatsak izatea. GPSaren erabiltzaileak, galerak eta/edo istripuak saihesteko, sen ona erabili eta arreta jarri behar du, batez ere orografia konplexuko eremuetan eta eguraldi txarrarekin (lainoa, elurra eta abar). Antolatzaileek, eguraldiak edo beste faktore batzuek hala gomendatzen badute, aurreikusitako ibilbidea aldatzeko aukera izango dute.
  • Klimatologiako baldintzetaz aparte, Inolako zailtasun teknikorik duten XENDAZALETASUN txangoak.
  • Ibilaldi egokiak eta guztientzat aproposak, pertsona federatuak eta ez federatuak egiteko, oinez ibiltzeko ohiko zailtasunak dituzten inguru isolatuetan ibiltzen ohituta daudenentzako, hala nola mendi-eremuetan edo mendian ibilbiderik ez duten urruneko lekuetan. Egoera fisiko onean egotea beharrezkoa da.
  • Ibilaldi horiek IBILALDI SEGURUAK programaren barruan daude.
  • Antolakuntzak eta arduradunek, ekipazio edo egoera fisiko egokia ez duten pertsonei, jarduera honetan edo beste batean parte hartzen debekatuko diote.
  • NOBERAREN BABESERAKO eta SEGURTASUNERAKO oinarrizko jarraibideak ezagutzea.
  • Klubeko txango guztiak borondate oneko gidariek zuzentzen dituzte, oinarrizko ezagutzak eta tresnak dituztenak (horietako asko mendiko, eskiko edo trokako profesionalek erabiltzen dituzte).
  • Bai mendi-ibilaldi hau, bai LEIOA MENDI TALDEAk antolatzen dituen beste batzuk, ibilaldi seguruen programaren barruan daude, eta uneoro borondate oneko gidek zuzentzen dituzte. Arduradunen (Gidak) helburua, tresna praktiko batzuk erabiliz, taldea zuzen eta ziurtasunez gidatzea da. Ibilaldi hau eta beste batzuk behar bezala burutu daitezen zuen laguntza eskatzen dizuegu. 
  • Derrigorrez bete beharreko arauak:
    • Autobusean, hilara bakoitzeko pertsona bat joan daiteke edo bi pertsona, familia edo bizikidetza eremu berekoak badira.
    • Maskara, joan-etorriko ibilbide osoan eraman beharko da.
    • Eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu, autobusera sartu eta irtetzearakoan eta behar beste aldiz.
    • Debekatuta dago autobusaren barruan jatea edota edatea.
    • Txangoan 2 metroko distantzia gorde, beharrezkoa den guztietan.
    • Kalean, maskararen erabilera EZ da DERRIGORREZKOA izango. Leku itxietan eta jendetza pilatzen denean aldiz, DERRIGORREZ maskara erabili beharko da.
    • Gidariek eta txangoaren arduradunek arau guztiak betetzen direla zainduko dute.

Jardueren datuak

Iraupena Igande osoko jardunaldia
Zailtasuna Aukeratutako ibilbidearen arabera NEURRIZKOA edo ERRAZA.
Jarduera mota XENDAZALETASUNA
Irteera Aguiñiga (Araba) y Urduña (Bizkaia)
AmaieraUrduña (Bizkaia)
Prezioa12 €
Bazkide adingabeen prezioa6 €
Adingabeak bazkide ez direnean7 €
Bazkide ez direnen prezioa 18+15 €
Baldintzak MENDIAN IBILTZEN OHITUTA EGOTEA. IBILBIDEA EDO TXANGOA EZAGUTZEA. Mendi-ibilaldiak egiteko, mendirako arropa eta oinetako egokiak erabili behar dira, betiere kontuan hartuta zein urtarotan gauden. Neguan, hotzetik eta euritik babesteko bada ez badako arropa eroatea komeni da (anorak, haizetik babesteko berokia, txanoa, eskularruak, elurra egotekotan eguzkitako betaurrekoak etab.). Autobusean etxera itzultzeko, arropa eta ordezko oinetakoak ere eraman behar dira (hobe aparteko poltsa batean). Etxetik ondo elikatuta joatea komeni da, kontuan izan behar dugu energia asko kontsumituko dugun jarduera fisikoa burutzen goazela. Ibilaldian zehar, batzuetan jan eta batez ere, edan egin behar izaten dugu; gure giharrek eta artikulazioek behar bezala funtzionatzeko likidoaren beharra dute; Fruitu lehorrak, txokolatea, barratxo energetikoak, mahaspasak, piku lehorrak eta abar motatako jakiak hartzea komeni da. Antolatzaileek ez diete utziko jarduera horietan edo bestelakoetan parte hartzen ekipamendu edo egoera fisiko egokia ez duten pertsonei.
Azken data 2021-07-11

Ez dago lekurik erabilgarri